Komunitatea ekologi harremanean dauden espezie bi edo gehiagoren arteko konbinazio bereizgarria duen organismo taldea da[1]. Komunitate ekologiak komunitate bateko espezien arteko interakzioak aztertzen ditu, denbora eta espazio ezberdinetan, eta komunitatea ezaugarritzen duten baldintzak zehazten ditu. Egungo komunitate ekologiak, espezie dibertsitatea, banaketa, ekosistemaren produktibitatea, kate-trofikoak eta harrapari-harrapakin dinamikak aztertzen ditu batik bat. Faktore abiotikoak ere ikertzen ditu (tenperatura, prezipitazioa, pH-a) izan ere, faktore hauek komunitateko espezieak iragazten dituzte. Basamortuko eta oihan tropikaleko landare komunitateak adibidez ez dira berdinak, eta ezberdintasun hau klimaren araberakoa da nagusiki[2]. Gizakiaren jarduerek ere komunitatearen egitura aldatu dezake, habitatean kalteak eraginez.
Komunitatea zehatz definitzea zaila da, ikuspegi ezberdinetatik defini daiteke. Ez da berdina harizti batean bizi den beldarrak edo hegaztiak izango duen komunitatea, nahiz eremu berean bizi. Komunitatea aztertzeko zein ikuspegi erabiliko dugun aldez aurretik zehaztea komeni da. Espezie zaurgarri edo kaltetuenen ikuspegia erabiltzen da maiz, gerora hauen kontserbaziorako planak martxan jarri ahal izateko.